Zientzia bada nesken kontua tailerra

Zientzia bada nesken kontua tailerra

Tailer honetan 14 eta 18 urte bitarteko 20 emakumek parte hartu ahal izan dute. Bertan, CIC nanoGUNE eta POLYMAT ikerketa zentroetako ikertzaileen eskutik, laborategiak ezagutu eta bertan hainbat esperimentu egin ahal izan dituzte.

Talde txikietan banatuta, eta bertako ikertzaile baten gidaritzapean, gazteek euren ikerketa taldea osatu eta esperimentuak egitera abiatu dira. Parte-hartzaile bakoitzak Silizioko oblea baten gainean egindako nano-gailu bat erabili du, Titanio eta Urrezko zuhaitz bat duena. Zuhaitzaren hosto bakoitzean materialen propietateak aztertu ahal izan dituzte eskala nanometrikoan, gure egunerokoak erabiltzen ditugun hainbat teknologia hobeto ulertzeko. 

Esaterako, lehen esperimentu batean erreakzio kolorimetrikoak egin dituzte. Disoluzio desberdinak probatu dituzte nano-gailuan, eta ikusi dute nola kasu batzuetan kolorea aldatu egin den eta beste batzuetan ez. Hau honela gertatzen da disoluzioen osagai desberdinek nano-gailuak dituen nanopartikulekin modu batean edo bestean erreakzionatzen dutelako. Esaterako, glukosa zuen disoluzioa arrosa jartzen da gailuaren gainazalarekin kontaktua egitean, eta besteak ez zuen kolorea aldatzen.  Honela, biosentsoreetan kontrol negatiboa eta positiboa nola egiten den hobeto ulertu eta ikusi ahal izan dute; hala nola, haurdunaldi edo antigeno testetan.

Mikroskopia teknika desberdinak ere frogatu ahal izan dituzte: optikoa, indar atomikoko mikroskopioa eta mikroskopio elektronikoa. Hiru tresna hauekin nano-gailuaren hosto berdina begiratuta, bakoitzarekin ikusten dena oso desberdina dela konprobatu dute. Tresna bakoitzak erresoluzio maila desberdina duenez, nano-gailuan marraztutako irudiak gero eta zehatzago ikusi ahal izan dituzte.

Azkenik, hostoen iragazgaiztasun maila ere neurtu dute, hau da, hostoak ura uxatzeko duen gaitasuna. Ikusi ahal izan dute nola hostoaren egitura nanometrikoak eragin zuzena duen materialaren ezaugarri honetan.

Esperimentu eta frogapen guzti hauek egin bitartean, gazteek hainbat ikertzailerekin ikasketa zientifikoen, ikertzaileen lanaren eta gazteen zalantzen inguruan hitz egiteko tartea izan dute.

Urtero bezala, aurtengoa ere esperientzia zoragarria izan da bai parte-hartzaileentzat bai eta ikertzaileentzat ere.