2022ko programaren aurkezpena – Zientzia bada nesken kontua
- Hamazazpi euskal erakundek programa zabala antolatu dute elkarrekin, gaur goizean aurkeztu den Emakumeak Zientzian ekimenaren 6. ediziorako.
- Ekimen honen helburu nagusia da azpimarratzea zer garrantzitsua den zientziaren eta teknologiaren eremuan sarbide eta garapen profesional berdinzalea lortzea.
Hamazazpi euskal erakundek gaur goizean aurkeztu dute urtez urte handituz doan Emakumeak Zientzian proiektua, eta, hala, ekimenaren helburuekiko konpromisoa berretsi dute: zientzian diharduten emakumeen lana ikusaraztea, jarduera zientifiko-teknikoak gizonezkoen kontua direlako ustea apurtzea eta neskek eta nerabeek zientziako ikasketak hauta ditzaten sustatzea. Helburu horiek kontuan hartuta, erakundeek indarrak batu dituzte Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna dela eta (otsailaren 11n ospatzen da urtero) elkarrekin egingo dituzten jardueren programa antolatzeko.
Otsailaren 11tik aurrera, batik bat otsailaren 11tik 18ra bitarteko astean, egingo dira Emakumeak Zientzian 2022 ekimenaren ekintzak Donostian. Era askotako jardueraz osatutako programa zabal bat antolatu da, “zientzia bada nesken kontua” mezua ahalik eta pertsona gehienei helarazteko eta zientziaren eta teknologiaren eremuan sarbide eta garapen profesional berdinzalea lortzeak duen garrantzia azpimarratzeko.
Antolatzaileek adierazi dutenez, adin guztietako jendeak izango du ekimenean parte hartzeko aukera. Esaterako, familientzako Zientziaren Izarrak esperimentu-tailerrak eskainiko dira Eureka! Zientzia Museoan; altxorraren bila joko ezagunean oinarritutako Zientziaren Altxorra jokoa, eta Piztu! Emakumeon energia antzezlan dibertigarria eskainiko da. Nerabeentzako ingeniaritza eta nanozientzia tailerrak, eskolek mahai-inguru batean parte hartu eta zenbait ikerketa-zentro bisitatzeko aukera izango dute; baita irakasleentzako orientazio akademikoarekin lotutako saio berezia ere, etorkizuneko belaunaldientzat erreferentzia izango diren eredu errealak aurkezteko helburuarekin guzti horiek. Emakume helduek kulturaren transmisioan duten zeregina balioesteko, 55 urtetik gorako emakumeentzako tailerrak antolatu dira. Esperientziaren boterea izenburua du ekintza horrek: zenbait esperimentu labur eta erraz helaraziko zaizkie, edozein lekutan egiteko modukoak, kultura zientifikoa familietan eta gure inguruneetan ibil dadin. Halaber, publiko orokorrarentzako saio berezi bat antolatu da Zinema eta Zientzia Zikloaren baitan. Gorilas en la Niebla filmaren lau proiekzio egingo dira Donostian, Gasteizen, Bilbon eta Iruñean. Bestalde, urtetik urtera errepikatzen den Emakume Zientzialariak Atzo eta Gaur zientzia-ekitaldia izango da, Victoria Eugenia antzokiko Club Aretoan. Gipuzkoako hainbat ikerketa-zentroetan lan egiten duten sei emakumezko igoko dira oholtzara beren ikerketei buruz hitz egiteko eta historiako emakume zientzialari handietako batzuk omentzeko, haien bizitza liluragarrien eta ekarpen zientifikoen berri emanez.
Halaber, bi erakusketa ere bisitatu ahal izango dira, bat Eureka! Zientzia Museoan eta beste bat Gipuzkoako Parke Zientifiko eta Teknologikoaren eraikin nagusian. Gainera, berrikuntza eta proba pilotu gisa, Donostian, ekimen bat jarri dugu abian, hiriguneko saltoki batzuekin elkarlanean, erakusleihoetan beren ibilbide bikainagatik nabarmentzen diren emakumezko zientzialariak omentzeko. Elhuyarrekin, Donostiako Sustapenarekin eta San Martin Auzoarekin batera egindako lanari esker lortu da ekimen hau.
Jarduera-programa osoa ikusgai dago gaurtik aurrera www.emakumeakzientzian.eus webgunean. Jarduerak aurrez aurrekoak, birtualak edo hibridoak izango dira.
Emakumeak Zientzian ekimenaren 6. edizioan parte hartzen duten 17 erakundeak Euskadiko zientzia eta teknologiaren sarearen erakusle garrantzitsuak dira. Batasun hori posible izan da jendea biltzeko bokazioarekin jaio zelako Emakumeak Zientzian proiektua; ateak zabalik ditu, eta argi du elkarrekin hobeak garela. Hala, 2022rako, Emakumeak Zientzian proiektua antolatzen duten erakundeak hauek dira: POLYMAT, CIC nanoGUNE, Donostia International Physics Center (DIPC), Materialen Fisika Zentroa (CFM CSIC-EHU), CIC biomaGUNE, Biodonostia, Tecnun-Escuela de Ingenieria, Ceit, Eureka! Zientzia Museoa, Gipuzkoako Ingeniari Industrialen Elkargo Ofiziala, Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL), Lortek, UPV/EHUko Informatika Fakultatea, Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola eta Kimika Fakultatea, Elhuyar eta Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkea.
Emakumeak Zientzian 2022 ekimenak Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Donostiako Sustapenaren laguntza berezia jaso du; baita honako erakunde eta organismo hauen laguntza ere: Zientzia Ikerketarako Kontseilu Nagusia (CSIC), Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioa (FECYT), Estatuko Ikerketa Agentzia, ekimenari atxikitako Severo Ochoa eta María de Maeztu zentroen bidez, Euskadiko Filmoteka eta Donostiako Nazioarteko Zinemaldia, eta Aspegi (Gipuzkoako Emakume Profesionalen, Enpresaburuen eta Zuzendarien Elkartea).
Aurrez aurreko jarduera guztiak behar diren osasun neurriekin egingo dira, eta horietako batzuetan COVID txertaketa ziurtagiria aurkeztu beharko da.