Mahai-inguru jendetsu batekin bukatu da Emakumeak Zientzian 2020

Mahai-inguru jendetsu batekin bukatu da Emakumeak Zientzian 2020

* Mahai-inguruaren helburua izan da bizipenak eta iritziak lasai partekatzeko gune bat eskaintzea, gaur egun zientzia-arloan diharduten emakumeei ahotsa emanez.

Donostia, 2020ko otsailaren 14a. Gaur goizean, UPV/EHUko Carlos Santamaria zentroan “Berdintasuna zientzian: esperientziak eta etorkizuna” mahai-ingurua egin da, STEM (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematika) ikasketak neska gutxik aukeratzeko arrazoiak eta horien ondorioak eztabaidatzeko; emakumeak erantzukizuneko postuetatik zergatik desagertzen diren aztertzeko; eta joera horiek aldatzeko ezar ditzakegun neurriak eztabaidatzeko. Emakumeak Zientzian 2020ko programazioaren azken jarduera da; aste osoan zehar helburua izan da zientzian diharduten emakumeen lana ikusaraztea.

Mahai-inguruaren helburua izan da bizipenak eta iritziak lasai partekatzeko gune bat eskaintzea, gaur egun zientzia-arloan diharduten emakumeei ahotsa emanez.

Hala, Xana Belastegi ezagutu dugu, produktu bioteknologikoak garatzen dituen Idem Biotechnology erakundeko negozio-zuzendaria. Biologia-zientzietan doktorea da eta nazioarteko ikerketa-erakundeetan lan egin du. Naëmi Leo Marie Sklodowska Curie doktoratu ondoko ikertzailea da CIC nanoGUNEn, eta material magnetikoak eta nanoegiturak ikertzen ditu. Fisikan doktorea da eta Alemaniako, Suitzako eta Japoniako ikerketa-erakundeetan lan egin du. Concha Monje Industria Ingeniaritzako doktorea da eta Carlos III Unibertsitateko irakaslea. Robotics Lab taldean lan egiten du. Maria Paulis POLYMATeko ikertzailea eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea da. Kimikan doktorea da, eta ur-oinarriko polimeroen dispertsioak ekoizten ditu. Idoia Otxoa irakaslea da Tecnun-Nafarroako Unibertsitateko Ingeniari Eskolan. Biologia konputazionala eta bioinformatika ikertzen ditu. Ingeniaritza Elektronikoan doktorea da eta bere karrera Estatu Batuetan egin du batez ere. Duela gutxi, “MITen 35 urtetik beherako berritzaileen saria” jaso du.

UNESCOren arabera, munduan STEM goi-mailako hezkuntzako ikasleen herena baino ez da emakumezkoa, eta munduko ikertzaileen herena baino ez da emakumezkoa. Datuak antzekoak dira Europan, Espainian eta Euskadin. Ikerbasqueko datuen arabera, EAEn, emakumeen proportzioa %5 baino ez da igo azken 15 urteetan: %30etik %35era.

Egoera horren aurrean, mahai-inguruan parte hartu duten zientzialariek, Itziar Otegui Emakumeak Zientzian 2020 ekitaldiaren koordinatzaileak eta nanoGUNEko komunikazio-arduradunak moderatuta, geratzeko, beren inguruan begiratzeko eta zer hobetu dezakegun eta nola ulertzen saiatzeko aukera izan dute.

“Askotan, zientzia zerbait zailtzat jotzen dugu, eta hori gertatzen da ez dakigulako zer den zientzia. Horrelako mezuak aldatu egin behar ditugu egiazkoak ez direlako, eta zientzia guztiontzat eskuragarriago bihurtu”, adierazi dute.

Erantzukizuneko postuetan emakumeen presentzia urriari dagokionez, “guztiak bat datoz, ama izatea erabakitzen duzunean lanpostu horiek kudeatzea zaila dela esatean. Nolanahi ere, “baikor agertzen dira eta gauzak aldatzen ari direla uste dute”.

“Arrakasta-kasu errealak behar dira emakumeek lidergo-posizioak lor ditzaketela frogatzeko”, adierazi dute, eta azpimarratu dute “oso garrantzitsua dela hori komunikatzea”.

Mahai-ingurua Emakumeak Zientzian 2020 ekimenaren baitan antolatu dute, Otsailaren 11ko Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna dela eta. Honako erakunde hauek antolatu dute: CIC nanoGUNE, Materialen Fisikaren Zentroa (CFM CSIC-UPV / EHU), CIC biomaGUNE, Donostia International Physics Center (DIPC), Biodonostia, Tecnun-Ingeniaren Eskola, Ceit, POLYMAT eta Elhuyar.

Emakumeak Zientzian 2020 webgunean dago informazioa ikusgai:  www.emakumeakzientzian.eus