Emakumeak Zientzianek STEAM Euskadi 1. saria eta genero-ikuspegiaren aipamen bereziaren saria irabazi ditu

Emakumeak Zientzianek STEAM Euskadi 1. saria eta genero-ikuspegiaren aipamen bereziaren saria irabazi ditu

Emakumeak Zientzianek STEAM Euskadi 1. saria eta genero-ikuspegiaren aipamen bereziaren saria irabazi ditu, beste erakunde batzuek sustatutako STEAM hezkuntzako ekimenik berritzaileenaren atalean. STEAM Euskadi Sariak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta Innobasquek ematen ditu eta sari banaketa ekitaldia gaur goizean izan da Bilbon. Proiektua deialdian aurkeztutako 137 hautagaitzen artean hautatua izan da.

Saria Emakumeak Zientzian ekimenak 2017ko lehen ediziotik egindako ibilbideari eta ekimenaren garapenean inplikatutako pertsona eta erakunde guztien lanari ematen zaio. Emakumeak Zientzian programak gizarte osoari zuzendutako jarduera-programa zabala proposatzen du otsailaren 11aren inguruan (Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna), STEM diziplinetan berdintasunezko sarbide eta garapen profesionala ahalbidetzeko bereziki garrantzitsuak diren kolektiboak azpimarratuz.

“Arlo zientifikoan eta teknologikoan dagoen genero-arrakala hausteak kontzientziazio globala eskatzen duela argi dugu; abordatze globala”, azpimarratu du Monica Morenok, POLYMATeko proiektuen eta komunikazioaren arduradunak eta Emakumeak Zientzian ekimenaren 2022ko edizioaren koordinatzaileak. “100 ikertzaile baino gehiagoren artean antolatu dira ia 40 jarduera, gizarte osoan berdintasunezko kultura zientifikoa sustatzeko: haurrak familiak, nerabeak, emakume helduak, irakasleak eta ikastetxeak”, gehitu du Morenok.

“Emakumeak Zientzian programak Euskadiko emakume ikertzaileen lana ikusarazten du, erreferenteak sortuz eta jarduera zientifiko-teknikoei egozten zaizkien rol maskulinoak hautsiz”, nabarmendu du Itziar Oteguik, CIC nanoGUNEko komunikazio arduradun eta 2022ko edizioaren koordinatzaileak. “Ekimen honi esker, erakunde zientifiko-teknikoen barne-aldaketarekin konprometitutako zientzialarien sare bat sortu da, genero-arrakala hausteko eta pertsona guztientzako garapen profesional osoa eta berdintasunezkoa lortzen laguntzen ari den sarea, alegia”, gehitu du Oteguik.