Emakumeak Zientzian bikaina

Emakumeak Zientzian bikaina 

Emakumeak Zientzian-en seigarren edizioak balorazio bikaina eta 5.000 lagunetik gorako parte-hartze errekorra izan du programatutako 38 jardueretan.    

Gozamena izan zen dena zein ondo azaldu ziguten, zein atseginak izan ziren eta nolako giro ona izan zen”, adierazi du Emakumeak Zientzian-en seigarren edizioko parte-hartzaile batek. Otsailaren 11tik 18ra ospatu zen ekimena, Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunaren harira. CIC nanoGUNEk eta POLYMATek koordinatutako edizio honetan 17 entitate antolatzaile eta 100 bolondres baino gehiago izan dira jarduera programa hau posible egin dutenak.  

Guztira, 38 ekintza izan ditu, horietatik 29 presentzialak, 4 hibridoak, 1 online eta 4 ikus-entzunezkoak. Saio hauek publiko ezberdinei zuzenduta zeuden, publiko orokorrari zuzendutako ekintzetatik, ikastetxeentzako ekintzetara. Oro har, edukiek zientzia munduko emakumeak izan dituzte ardatz, euren ibilbidea eta etorkizuna eta zientzialari gisa egiten dutena azalduz, esperimentuak eginez edo hainbat tailer bitartez, publikoak zientziaren magia ikus dezan. Egin ziren tailer batzuk honako hauek izan ziren: Mundua aldatu eta aldatzen ari diren emakumeak, Emakume Zientzialariak Atzo eta Gaur saioa, Zientziaren izarrak eta Ingeniari izaten jolasten tailerrak, Zientzia bada nesken kontua, Esperientziaren boterea edo Elkarrizketatu ezazu zientzialari bat

Zuzeneko parte-hartzea, bai presentziala bai streaming bidez, 5.000 lagunetik gorakoa izan da, Emakumeak Zientzian-en audientzia errekorra. Horri, gainera, Youtube kanalean eta Instagram profilean argitaratutako ikus-entzunezko edukien eragin handia gehitu behar zaio, guztira 30.000 ikustaldi baino gehiago izan baitziren 2022ko otsailaren amaieran. 

Entitate antolatzaileak bereziki pozik daude publikoaren harrera onarekin , eta hori ere islatzen da parte-hartzaileek ekitaldien ostean egin duten balorazioan, batez besteko nota bikaina eman baitigute. “Benetan gozatzeko moduko jarduera izan zen. Zorionak parte hartu duten emakume guztiei eta baita antolakuntzari ere”, azaldu du ekitaldira bertaratu zen beste parte-hartzaile batek.