* Gero eta euskal erakunde gehiago elkartu dira Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna ospatzeko eta mezu argia transmititzeko: zientzia bada nesken kontua.

* Emakumeak Zientzian 2021 programaren barruan, adin guztietako jendearentzako (familiak, nerabeak, helduak…) hainbat jarduera antolatu dira otsailean.

Donostia, 2021eko otsailaren 8a. Donostia International Physics Center (DIPC), CIC nanoGUNE ikerketa-zentroa, Materialen Fisika Zentroa (CFM CSIC-UPV/EHU), CIC biomaGUNE, Biodonostia, Tecnun-Escuela de Ingeniería, Ceit, POLYMAT, Elhuyar, UPV/EHUko Informatika Fakultatea eta Eureka! Zientzia Museoak zientzia-programazio bateratua aurkeztu dute, mundu osoan ospatzen den otsailaren 11ko Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna ospatzeko. Egun horretatik aurrera eta Donostian, hilabete osoan zehar egingo dira Emakumeak Zientzian 2021 ekimenaren ekintzak: tailerrak, hitzaldi publikoak, esperimentuak familian, bisita birtualak…ekintza horietako asko birtualki egingo dira osasun larrialdia dela eta. Ekimenaren helburua da zientzian diharduten emakumeen lana ikusaraztea, jarduera zientifiko-teknikoak gizonezkoen kontua direlako ustea apurtzea eta neskek eta nerabeek zientziako ikasketak hauta ditzaten sustatzea. Emakumeak Zientzian 2021 ekimenak Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Donostiako Sustapenaren, Zientzia Ikerketarako Kontseilu Nagusiaren (CSIC) eta Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioaren (FECYT) laguntza du.

Otsailaren 8an hasiko da programazioa, Elhuyarren “Emakumeak zientzialari” erakusketa irekiko baita Eureka! Zientzia Museoan. Ostegunean, otsailaren 11n, Contagion (Steven Soderbergh, 2011) proiekzio berezia izango da, Itziar Pérez Donostialdeko Osakidetzako kudeatzaileak aurkeztuta, DIPCk, Euskadiko Filmategiak eta Donostiako Zinemaldiak antolatzen duten Zinema eta Zientzia Zikloaren baitan. Errealismo handiz, filma hamar urteren buruan aurreratzen da, eta gure mundu hiperkonektatu eta globalizatuak munduko pandemia batean izan ditzakeen fase guztiak aztertzen ditu. Otsailaren 13an, larunbata, saioa Bilboko Arte Ederren Museoan ere egingo da.

Ostiralean, otsailaren 12an, 18:00etan, Emakume zientzialariak atzo eta gaur zientzia-ekitaldia egingo da Eureka! Zientzia Museoan. Donostiako hainbat zentrotan lan egiten duten bost emakumezko zientzialari Eureka! museoko agertokira igoko dira murgilduta dauden ikerketei buruz hitz egiteko eta historiako emakume zientzialari handietako batzuk omentzeko, haien bizitza liluragarrien eta ekarpen zientifikoen kontakizunaren bidez. Hitzaldiak jende guztiarentzat izango dira (leku kopuru mugatua) eta streaming bidez jarraitu ahal izango dira. Emakumeak hauek dira: Fátima Villa (Tecnun) & Neri Oxman, Ester Verde (CFM) & Carmen Mijangos, Naiara Aginako Bengoa (Informatika Fakultatea, UPV/EHU) & Hedy Lamarr, Ane Ruiz de Angulo (CIC biomaGUNE) & Gertruelion de Belle eta Elisa Jimenez (UPV/EHU, DIPC, Ikerbasque) & Rachel Carson. Hitzaldiak jende guztiarentzat izango dira (leku kopuru mugatua) eta streaming bidez jarraitu ahal izango dira. Aurten, gainera, Ane Leux musikari donostiarrak eta Tineke van Der Berg zientzialari holandarrak zuzeneko musika eskainiko dute.

Asteburuan, otsailaren 20an eta 21ean, familien txanda izango da. Zientziaren izarrak jardueran, Elhuyarrek prestatutako emakumezko zientzialarien 12 kontakizunetatik abiatuta, zientzia-esperimentuak egingo dira familian Eureka! Zientzia Museoan emakume zientzialari edo zientziaren izar horien omenez.

Programazioan badira hezkuntza-jarduerak ere —online zein aurrez aurrekoak— zientziaren mundua haur eta gazteei hurbiltzeko eta emakume zientzialarien eginkizuna ikusarazteko. Otsailaren 17an, Biodonostia Osasun Ikerketarako Institutuak Covid 19-a nola diagnostikatzen den ikasi tailerra eskainiko du, DBHko ikasleek bertatik bertara ezagut ditzaten Covid-19a detektatzeko laborategiko teknika nagusiak. Otsailaren 19an Tecnun eta Ceit-en egingo den Ingeniari izatera jolasten tailerrean DBHko 4. mailako neska-mutilek hartuko dute parte. Tailer honen helburua da ingeniaritza gazteei modu praktikoan hurbiltzea eta neskengan STEM ikasketekiko interesa piztea. Otsailaren 22an eta 25ean, UPV/EHUko Informatika Fakultateak Informatika ipuin eta magia bidez antolatuko du, lehenengo hezkuntzako ikasleekin kodigo bitarra eta algoritmoa landuko dituen tailer dibertigarria. Otsailaren 25ean, biomaGUNEk tailer praktiko bat antolatuko du bokazio zientifiko berriak motibatzeko.

DIPC, CFM eta CIC biomaGUNE ikerketa-zentroak bertatik bertara ezagutzeko bisita birtualak ere antolatu dira. Bisita horietan, ikertzaileen eguneroko bizitza hurbiletik ikusi ahal izango da. Zentroetako ikertzaileek hainbat jarduera eta erakustaldi egingo dituzte, emakumeek zientzian duten zeregina nabarmentzeko. Topaketa birtual horiei esker, parte-hartzaileek zientzialariekin solasteko aukera izango dute.

Azkenik, Emakumeak Zientzian 2021 ekimenaren baitan, zenbait nerabek zientzialari izateko aukera izan dute egun batez, CIC nanoGUNE eta POLYMATeko ikertzaileek gidatuta. Horien guztien laguntzarekin eta Zientzia bada nesken kontua izenburupean, nanozientziarekin, nanoteknologiarekin eta polimeroekin lotutako hainbat esperimentu erakargarri prestatu ditugu. Ildo beretik, aspalditik ari gara emakume helduek kulturaren transmisioanduten zeregina balioesten. Espiritu horrekin eta Esperientziaren boterea izenburuarekin, zenbait esperimentu labur eta erraz helaraziko ditugu, edozein lekutan egiteko modukoak, kultura zientifikoa familietan eta gure inguruneetan ibil dadin.

Aurrez aurreko jarduera guztiak behar diren osasun neurriekin egingo dira. Zenbait jardueratarako —aurrez aurrekoak zein onlinekoak—, izena eman behar da, eta Emakumeak Zientzian 2021 webgunean eman daiteke izena gaurtik aurrera: www.emakumeakzientzian.eus

Menua