Hitzaldiak eta aurkezpenak

Emakume zientzialariak atzo eta gaur

Publiko orokorra

Gipuzkoako ikerketa zentroetan lanean ari diren bost emakume zientzialari Victoria Eugeniako Club aretoko oholtzara igoko dira murgilduta dauden ikerketei buruz hitz egiteko eta historiako emakume zientzialari handietako batzuk omentzeko hauen bizitza eta ekarpen zientifiko liluragarrien kontakizunaren bidez.

Hizlariak

Elixabete Rezabal - Dorothy Crowfoot Hodgkin omenduz

Irakasle Titularra Kimika Fakultatean
Elixabete Rezabal EHUko irakasle titularra da, Kimika Fisikoa arloan. Bertan lortu zuen 2008an Kimika Teoriko eta Konputazionalean doktoradutza, eta ondoren Frankfurteko Goethe Unibertsitatean eta Parisko Ècole Polytechnique-an aritu zen ikerlari, besteak beste. 2015an itzuli zen EHUra, Farmazia Fakultateko irakasle gisa, eta 2018z geroztik Kimika Fakultatean dihardu, Kimika Fisikoaren arloko gaiak irakatsiz. Ikerketa EHUko eta Donostia International Physics Centereko Kimika Teorikoa taldearen baitan egiten du; bertan, teknika konputazionalen bidez arazo kimiko anitzen oinarriak ulertu eta portaera aurresaten lan egiten da. Batik bat bi ikerketa ildotan ari da lanean gaur egun: minbiziaren aurkako prodrogen argi bidezko aktibazioan, eta likido ionikoen kimika eta aplikazioak aztertuz.

Olatz Perez de Viñaspre - Karen Spärck Jones omenduz

UPV/EHUko irakasle ondokoa eta ikertzailea
Olatz Perez de Viñaspre Garralda Informatikan doktorea da, eta Euskal Herriko Unibertsitatean irakasle atxikia izateaz gain, Udako Euskal Unibertsitateko kidea ere bada. 2017. urtean bere tesia aurkeztu zuen euskararako osasun-terminologiaren itzulpen automatikoan eta honekin 2019. urtean VI. Koldo Mitxelena sarietako bat irabazi zuen. EHUko IXA ikerketa-taldeko (http://ixa.si.ehu.eus/) eta HiTZ: Hizkuntza Teknologiako Euskal Zentroko (http://hitz.eus/) ikerlaria da. Ikerketa lerro nagusiak itzulpen automatikoa, hizkuntzaren prozesamendua medikuntzaren domeinuan aplikatzea eta genero alborapena hizkuntza ereduetan izan dira orain arte, bereziki euskararentzat lan egin duelarik. Hainbat artikulu argitaratu ditu nazioarteko aldizkarietan eta kongresuetan, eta hainbat ikerketa-proiektutan hartu du parte, nola Euskal Herri mailakoetan hala estatu edo Europa mailakoetan ere. 2022. urtean II. Gladys del Estal saria jaso zuen, ingurune digitaleko emakumeentzat, bere "ibilbide akademiko oparoa" eta "gizarte erronka handiei" erantzuteko egiten duen lana azpimarratuz.

Amaia Iturrospe - Marie-Anne Pierrette Paulze omenduz

CFMko X izpien laborategiko teknikaria
Amaia Iturrospe CFMko (Centro de Física de Materiales) X-izpien laborategietako teknikaria da. 2008an Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU) Kimikan lizentziatura eskuratu ostean, Eusko Jaurlaritzako Doktoretza-aurreko beka batekin, bere tesiari ekin zion UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Kimika Inorganikoko departamentuan. Tesiaren lehen urtean Euskal Herriko Unibertsitatea eta Kantabriako Unibertsitatearen arteko Material Berriak Unibertsitate Masterra burutu zuen. 2013ko apirilean bere tesia defendatu zuen “Síntesis, caracterización química y estudio estructural de sistemas basados en heteropolianiones de wolframio y silicio o germanio y complejos de cobre con ligandos N4tetradentados” izenburupean. Tesia bukatu ostean, bere ibilbide porfesionalari norabide aldaketa bat ematea erabaki zuen, eta ordutik CFMan, Polimeroak eta Materia Biguna taldearen barruan, X izpien laborategietako teknikari gisa ari da lanean. Besteak beste, Bruker D8- advance angelu altuko hauts difraktrometro baten (WAXS) eta angelu baxuko RIGAKU difraktrometro baten (SAXS) arduraduna da, baita argia barreiatzeko 3D espektrometro batena ere.

Raquel Ruiz Hernández - Rachel Carson omenduz

Doktoratu aurreko ikertzailea CIC biomaGUNEn
Juan Carlos Erregea Unibertsitatean Biologia ikasi ondoren, Raquelek master bat ikasi zuen Terapia Aurreratuetan eta Berrikuntza Bioeknologikoan (UFV, Madril), eta gaur egun EHUko Ikerketa Biomedikoko Doktoretzan matrikulatuta dago. Graduan zehar praktikak egin zituen Genetika Mediko eta Molekularreko Institutuan (Madril), eta masterrean Londresera joan zen, University College of London eta Francis Crick Instituten lan egitera. 2019an LHI beka bat lortu zuen CICbiomaGUNEn doktoretza egiteko, "Medikuntza Birsortzailea eta Gaixotasun Ereduak" eta "Materia Biguneko Nanoteknologia" laborategien artean. Gaur egun, tesiaren azken urtean dago. Urte horretan, batetik, hezurraren eraketan inplikatutako mekanismo molekularrak aztertzen ari da, eta, bestetik, titanio-inplanteak estaltzeko hainbat modu, birsorkuntza sustatzeko.

Camila Vesga - Ynes Mexia omenduz

Doktorego ondoko ikertzailea Tecnunen
Camila Vesgak Ingeniaritza Biomedikoko gradua egin zuen Manuela Beltran Unibertsitatean, Bogotan, Kolonbian (2015). Karrera amaituta, Donostiara joan zen Tecnunen (Nafarroako Unibertsitatea) Ingeniaritza Biomedikoko Masterra egitera, eta bere proiektua osatu zuen Biodonostia osasun-institutuko Neuromuskular gaixotasunen taldearekin lankidetzan (2017). Lankidetza horrekin berarekin, Tecnunen Ingeniaritza Aplikatuko doktoregoa egin zuen (2022). Bere ikerketa giza muskulu eskeletikoaren in vitro 2D eta 3D ereduak fabrikatzean eta optimizatzean oinarritzen da, muskulu-distrofiak eta balizko tratamendu berriak aztertzeko. Doktoregoan, doktoratu aurreko egonaldia egiteko aukera izan zuen Leuvengo Unibertsitatean (2021). Gaur egun, doktoratu ondoko ikertzailea da Nafarroako Unibertsitateko Ingeniaritza Eskolako (Tecnun) Ehunen Ingeniaritza taldean. Duela gutxi, Eusko Jaurlaritzaren doktoretza-ondoko laguntza jaso du bere ikerketarekin jarraitzeko. Horren barruan, bi urteko egonaldia egin du Michigango Unibertsitatean (2023).

Bete hurrengo datu hauek Emakume zientzialariak atzo eta gaur ekintzan izena emateko.