Aukera anitzak zientzialarientzat

Aukera anitzak zientzialarientzat

Gaur goizean, Biodonostia Osasun Institutuan,ikertzaile gazteenei zuzendutako “Nire etorkizuna zientzialari gisa” mahai-ingurua egin da.

Mahaian, sei zientzialarik beren ibilbide profesionalari buruz hitz egin digute: zein izan zen beren hasierako prestakuntza eta nolako ibilbidea egin duten gaur egun duten lana egiteraino, eta bertan aurkitu dituzten erraztasun eta zailtasunei buruz hausnartu dute.

Mahaiak askotariko profilak dituzten sei zientzialari izan ditu. Irantzu Llarena, kimikaria eta CIC biomaGUNEko plataforma teknologikoaren arduraduna; Idoia Mugika, Kimikan doktorea eta Materialen Fisika Zentroko (CFM) komunikazio- eta dibulgazio-arduraduna; Alba Mateos, Biologian doktorea eta Biologia Molekularraren arloan Kalitatea Kontrolatzeko Saileko koordinatzailea Viralgen Vector Core enpresan; Maider Zabala, Biologian doktorea eta Onena Medicines gipuzkoako start-up enpresako ko-fundatzailea eta CSO. Nonia Pariente, Biologian doktore eta PLOS Biology aldizkari zientifikoko editore burua, eta Amaia Cipitria, Bioingeniaritzan doktorea, Ikerbasque ikertzailea eta Biodonostia IISko Birsorkuntza eta Minbiziaren Bioingeniaritzako taldeko burua.

Mahaian gai garrantzitsuak eztabaidatu dira, hala nola mugikortasuna, karrera zientifikoan artaziaren fenomenoa, desberdintasun eta oztopo erantsiak desagertzeko genero maskulinoaren inplikazioaren beharra, ingurune onuragarrietan lan egitearen garrantzia eta horrek osasun mentalean duen eragina. Guztiek esan dute zientzialarien karrerak ez duela zertan autobide zuzena izan, doktoratu aurreko lanarekin hasi eta ikertzaile nagusiaren postu batean amaitzen dena, hainbat postdoketatik igarota. “Ibilbide zientifikoek, oro har, labirinto baten antz handiagoa dute lerro zuzen horrena baino”, adierazi dute parte-hartzaileek, eta nabarmendu dute “garrantzitsuena norbere burua ezagutzeko eta benetan gustatzen zaiguna egiteko denbora ematea dela, ezer ez baita erraza, baina ingurune onean eta gauzak gustura eta grinaz eginez, bidea eramangarriagoa eta atseginagoa da”.