Otsailaren 9a: zientzia, teknologia eta berdintasuna erdigunean

Astelehenean, otsailaren 9an, Emakumeak Zientzian egitasmoak jardunaldi bereziki trinkoa eta askotarikoa eskaini zuen, zientzia, berdintasuna eta ezagutza partekatua ardatz hartuta.

Goizean, Materialen Fisika Zentroan Ekintzen garaia zientzian eta berdintasunean mahai-ingurua egin zen, zientziaren eta berdintasunaren aldeko borrokan erreferente diren hiru ahotsekin: Petra Rudolf, Sara Clavero eta Silvia Rueda Pascual. Ekintzara bideratutako elkarrizketa-gune honetan, kasu errealak, esperientzia pertsonalak, frustrazio komunak eta zientzia bidezkoago baterantz aurrera egiteko proposamen zehatzak partekatu ziren. 70 pertsona inguru bildu ziren, parte-hartze aktibo eta etengabekoarekin. Saioa bost bloketan egituratu zen: ebaluazio zientifikoko sistema, talentu gaztea STEMetara erakartzea, emakumeen karga ikusezina, lan-jazarpena eta genero-arrakala osasun mentalean. Bereziki zuzendaritza taldeei eta berdintasun batzordeei zuzendutako topaketa honek argi utzi zuen zer ari den funtzionatzen, zer geratzen den egiteko eta bakoitzak bere esparrutik zer ekarpen egin dezakeen. Horrez gain, parte-hartze anonimerako espazio batek eztabaida ahots anitz eta zintzoekin aberastu zuen.

 

Aldi berean, Derion, Zuzenean ikasi jardunaldian CIC bioGUNEren eskutik, Somorrostroko 40 ikasle inguruk ikerketa biomedikoa gertutik ezagutzeko aukera izan zuten, ikuspegi praktiko, interaktibo eta ludiko batetik. Tailerrean, gorputzaren erreakzio kimikoek metabolismoa nola osatzen duten sare integratu gisa aztertu zuten; laborategiko esperientzia batean bananaren DNA erauzi zuten, material genetikoa zuzenean behatuz; eta molekulen arteko elkarrekintzak simulatzen zituzten dinamiketan parte hartu zuten, besteak beste komunikazio zelularra, birusen lotura eta oinarrizko prozesu biokimikoak lantzeko. Ikertzaileekin izandako zuzeneko harremanak lan zientifikoa gizatiartzen lagundu zuen, ikerketa eremu irisgarri, askotariko eta inklusiboa dela erakutsiz.

Horrez gain, egun osoan zehar jarduera ugari egin ziren Euskal Herriko hainbat tokitan.Materialen propietateak aztertu zituzten BCMaterials ikerketa-zentroan; Mondragon Unibertsitateko laborategietara bisitak egin zituzten Bilbon; teknologia aplikatua gertutik ezagutu zuten Vicomtechen; eta zientzia komunitateari zuzendutako formakuntza-saio batean. Kulturak ere izan zuen bere lekua, Beasainen Abentura Kuantikoa antzezlanarekin, eta arratsaldean, Donostian nanomundura egindako bisitarekin. Jardunaldia Eibarren amaitu zen, Emakume Ingeniariak – Esperientzia inspiratzaileak topaketarekin, publiko orokorrari irekita.

Formatu, diziplina eta publiko desberdinetatik, otsailaren 9ak berriro ere erakutsi zuen Emakumeak Zientzian egitasmoaren indarra: ekintzara bideratutako zientzia, gertukoa eta eraldatzailea.