Donostian, Bilbon eta Gasteizen aldi berean egin zen Emakume zientzialariak atzo eta gaur ekitaldiak eman dio hasiera Emakumeak Zientzian ekimenaren hamargarren edizioari, jardueraz beteriko aste bati bidea irekiz. Giro lasai eta hurbilean, parte hartu zuten emakume zientzialariek beren ibilbide profesionalak eta ikerketa-ildoak modu errazean partekatu zituzten, iraganeko emakume zientzialariei omenaldia eginez eta belaunaldi desberdinak elkartuz. Ekitaldi inspiratzaileak emakumeek ezagutzaren eraikuntzan izan duten eta duten funtsezko rola azpimarratu zuen.

Edizio berezi honen testuinguruan, Berdintasuna zientzian, zer aldatu da? Nola aldatu gara? mahai-ingurua ere egin da. Urte hauetan guztietan Emakumeak Zientzian programaren baitan antolatutako mahai-inguruetan parte hartu duten lau emakume elkartu dira berriro, zientzian berdintasunaren inguruan izandako bilakaerak, egindako aurrerapausoak eta oraindik presente dauden erronkak elkarrekin aztertzeko. Publikoaren parte-hartzea ere sustatu da, esperientziak eta hausnarketak partekatzeko eta komunitate gisa nola aldatu garen elkarrekin pentsatzeko.

Horrez gain, gaurko egunak Emakumeak Zientzian-en izaera anitza eta hezitza islatu du, ikasleei zein publiko orokorrari zuzendutako jarduerekin. Tailerrak eta bisitak egin dira eskolentzat hainbat zentro zientifikotan, besteak beste, BC3 eta BCAM erakundeetan. Jardueren artean, Zientzia-leihoak ekimena nabarmendu da Centro de Física de Materialesen, emakume guztiei, aurretiazko prestakuntzarik gabe, zientziara ingurune hurbil eta seguru batean gerturatzeko aukera eskaini dien proposamen gisa. Egunari amaiera emateko, Zinema eta Zientzia 2026 saioa egin da Artium Museoan, zientziaren eta kulturaren arteko elkarrizketa sustatuz.
Horrela, Emakumeak Zientzian-en hamargarren edizioak indartsu ekin dio bideari, zientzia, berdintasuna eta gizartea lotzen dituzten jardueren bidez.


