55 urtetik gorako hirurogehi emakume baino gehiago Emakumeak Zientzian 2020n
* 55 urtetik gorako 60 emakumek baino gehiagok hartu dute parte gaur Amona’s Power ekintzan. Jarduera hori 4 zentrotan egin da aldi berean (CFM/DIPC, CIC BiomaGUNE, Biodonostia eta POLYMAT).
Donostia, 2020ko otsailaren 13a. Emakumeak zientzian 2020 programarekin jarraituz, 55 urtetik gorako emakumeei eskainitako Amona’s Power jardunaldia egin dute gaur goizean lau ikerketa-zentrok. Hirugarren urtez jarraian egiten den jarduerak arrakasta handia izan du. Oraingo honetan, CIC biomaGUNE, Materialen Fisikako Zentroa (CFM CSIC-UPV/EHU), Donostia International Physics Center (DIPC), Biodonostia eta POLYMAT ikerketa-zentroak bisitatu dituzte 60 parte-hartzaile baino gehiagok.
Amona’s Power-en, zentroetako ikertzaileen gidaritzapean, egun batez ikerketa-munduan murgildu ahal izan dira parte-hartzaileak. Gainera, egunerokoan aurki dezaketen zientziarekin jardun dute, eta nahi dutenei irakatsi ahal izango dituzten esperimentuak egin dituzte.
Helburua da gizon helduak zientzia-erreferente gisa duen estereotipo nagusiarekin haustea, eta emakume horiek beren komunitateetan kultura zientifikoaren enbaxadore izateko gai sentitzea.
“Zientzia-dibulgazioko eta -kulturako ekitaldiak gaztetxoei zuzentzeko joera nabarmena da sarri, eta ez dugu ahaztu behar helduek, eta geroz eta zaharragoa den biztanleriak, gure gizartean duten garrantzia”, diote antolatzaileek.
Amona´s Power jarduera Emakumeak Zientzian 2020 ekimenaren baitan antolatu dute, Otsailaren 11ko Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna dela eta. Honako erakunde hauek antolatu dute: CIC nanoGUNE, Materialen Fisikaren Zentroa (CFM CSIC-UPV / EHU), CIC biomaGUNE, Donostia International Physics Center (DIPC), Biodonostia, Tecnun-Ingeniaren Eskola, Ceit, POLYMAT eta Elhuyar.
Otsailaren 14 arte izango dira ekintzak eta jarduera guztiak doakoak dira. Emakumeak Zientzian 2020 webgunean dago informazioa ikusgai: www.emakumeakzientzian.eus