400 ikasle inguruk parte hartzen dute ‘Ezagutzen al duzu Emakume Zientzialaririk? tailerretan
Ezagutzen al duzu Emakume Zientzialaririk? Galdera hori egiten dugu POLYMAT, CIC nanoGUNE, CIC biomaGUNE, DIPC eta CFM, UPV/EHUko Informatika Fakultateak eta BCBLk antolatutako ikasle-taldeentzako bisita eta tailerretan, guztiak Emakumeak Zientzian ekimenaren esparruan. Erantzun orokorra baiezkoa izaten ari da, eta esperientzia horiekin, ikertzaile gazte gehiago ezagutzeko aukera dute gazteek, hezur-haragizkoak, oraindik historia liburuetan agertzen ez direnak, baina gaur egun gizateriaren ezagutza aurrerarazten ari diren ikerketak sinatzen dituztenak.
Jarduera honen helburua da emakumeek zientziari eta teknologiari egiten dioten ekarpena ikusaraztea, erreferente femeninoak sortzea eta nesken eta nerabeen artean karrera zientifikoen aukeraketa sustatzea. Horretarako, hainbat hitzordu hitzartu dira, aurrez aurrekoak ikerketa-zentro eta fakultateetan, edo ikastetxeetan bertan, baita bisita birtual bat ere.
Otsailaren 11n, ostirala, Ana Beloqui POLYMATeko ikertzailea eta Natalia Koval nanoGUNEko ikertzailea Bideberri eta Katalin Erauso zentro donostiarretara joan ziren, hurrenez hurren, beren lana hainbat eskola-talderi azaltzeko.
Gaur, otsailak 14 astelehena, Erlaitza (Urruña) eskolako ikasle talde batek CIC nanoGUNE bisitatu du Florina Marxer, Iris Niehues, Andrea Aguirre, Andoni Rodriguez eta Itziar Oteguiren eskutik. Tailerrean, ikerketa edo zientzia zer den eta atomoak eta molekulak zer diren bezalako kontzeptuekin ohitu ahal izan dira. Hidrofobikotasunari buruzko esperimentuak ere egin dituzte, newtoniarrak ez diren fluidoak ikusi eta ukitu dituzte, turbina bat fabrikatu dute, nitrogeno likidoarekin globoak eta gozokiak izoztu dituzte eta grafenoa sortu dute, gero mikroskopio batekin ikusteko. 6 eta 8 urte bitarteko ikasleek esperientzia zoragarri honetako emakumezko zientzialari boluntarioek bezainbeste gozatu dute.
Aldi berean, CIC biomaGUNEko sei ikertzailek Urnietako Hegape ikastola bisitatu dute. Bertan, lehen hezkuntzako seigarren mailako 41 ikaslerekin hitz egin dute emakumeek zientzian izan duten eta duten eginkizunaren inguruan; historian zehar emakume askok zientziari eta teknologiari egin dioten ekarpena errepasatu dute. Gainera, ikastetxeko ikasleek asko gozatu dute fisika, kimika eta biologiarekin lotutako zenbait esperimentu eginez; hala, CIC biomaGUNEn egiten den ikerketaren oinarrian dauden hiru zutabeak landu dituzte, baina eguneroko bizitzan aurkitu daitezken materialak eta baliabideak erabiliz. Maizena, ura eta koloratzaileak baliatuz, ikasleek fluido ez-newtondar baten portaera zein den ikusi dute (eragiten zaion presioaren arabera biskositate aldakorra duen fluidoa), baita soinu-uhinak existitzen direla ere. Beste esperimentu batean, xaboia eta alkohola erabiliz, ikasleek DNA atera dute zenbait laginetatik, eta horrek “aukera eman digu ikusteko DNAk biologian zer funtzio duen”, azaldu du CIC biomaGUNEko Irantzu Llarena ikertzaileak. Llarenak oso positibotzat jotzen ditu topaketa hauek; izan ere, “leiho berri bat zabaltzen zaie gure haurrei, zientzia hurbilago sentitzen baitute eta erakusten baitiegu zientzia badela nesken kontua ere”.
Gaur ere bisita birtuala egin da DIPC eta CFMra. Larramendi ikastolako (Mungia), Orixeko (Tolosa) eta Eskibeleko (Donostia) ikasle talde batzuk online konektatu dira Donostiako bi zentro horietako zientzialarien eskutik materialen zientziaren arloko ikerketa zertan datzan, nola egiten den eta zer aplikazio izan ditzakeen jakiteko. Horrela, DIPCren kalkulu-zentroa edo CFMren tunel efektuko mikroskopio handiak, besteak beste, ikusi ahal izan dituzte pantailaren bidez.
Bihar, otsailaren 15a, asteartea, UPV/EHUko Informatika Fakultatearen txanda izango da, eta Katalin Erausoko (Donostia) Lehen Hezkuntzako 4, 5 eta 6 mailako ikasleak bertaratuko dira. Bisitaldian ikusi ahal izan dute alde batetik informatikan denetariko pertsonak daudela eta bestetik, modu dibertigarri batean harekin lotutako konptzetuak ikas ditzaketela. Zenbaketa bitarra landuko dute lehenengo ipuin baten bidez eta gero majia joko baten bidez.
Hau ez da Informatika Fakultateak jasoko duen bisita bakarra izango. Otsailaren 16an, asteazkenean, Lauaizetako (Donostia) DBHko 3. mailako talde batek kriptografiari buruzko saio dibertigarri batean parte hartu ahal izango du. Kriptografiaren garrantziaz ohartu eta mezuak kodetzen ikasiko dute haien lagunekin sekretuak eduki ahal izateko. Horri esker, fakultatean gordetako altxor bat ere topatu ahal izango dute.
Hegoa (Donostia) eta Egape (Urnieta) ikastetxeetako ikasleek osatutako hirugarren talde bat, Lehen Hezkuntzako 4., 5. eta 6. mailakoak, Informatika Fakultatera joango da ostiral honetan, otsailak 18, ipuin eta magia-jolas baten bidez “algoritmo” kontzeptua landuko duen saio batean parte hartzera.
Ostegun arratsalden, otsailaren 17an, LORTEKeko ikertzaileek gidatuta, bisita-tailer bat prestatu dute, parte-hartzaileak “zientzialariak egun batez” ikerketa-talde bateko kide izan direlarik. Prozesu eta materialen mundua lehen pertsonan ezagutzera eraman dituen benetako fabrikazio, azterketa eta diseinu jarduera batean parte hartu dute. LORTEKeko 5 emakume ikertzaile hurbiletik ezagutu dituzte, ikertzaileen ikasketak, beraien esperientziak, zergatik hautatu duten beraien lanpostua eta beraien zaletasunak, baita zentro teknologiko baten funtzionamendua ere. Bestalde tailerrean SLMeko makina lanean ikusiko dute, software espezifiko baten bidez diseinu bat prestatuko da bere fabrikaziorako, eta mikroskopio optikoaren bidez material ezberdinak gainbegiratu eta beraien estruktura eta akatsak aztertuko dira.
Azkenik, Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) zentroko lau ikertzailek Larramendi Ikastolako (Mungia) ikasleei harrera egingo diete, beren esperientzia eta ibilbide profesionala partekatzeko. Aurreikuspenen arabera, Simona Mancini, Marina Kalashnikova, Ileana Quiñones eta Amaia Carrion ikertzaileek beren lana zertan datzan eta beren lanbidean aurrera egiteko erronka nagusiak zein izan diren azalduko diete ikasleei. Gainera, bisitan zehar, ikasleek gertutik ezagutuko dituzte BCBLren ekipamendu eta laborategi neurozientifikoak, kognizioa, garuna eta hizkuntza aztertzen dituen erakundea.