* Festa-giroan hasi da Emakumeak Zientzianen 9. edizioa. Ekintza txiki bakoitzak zientziaren berdintasunaren aldeko bidea nola ireki dezakeen nabarmendu nahi du.
* Hogeita hamabost euskal erakundek 60 jarduera baino gehiagoko programa zabala antolatu dute Emakumeak Zientzianen 9. edizioan.
Bilbon, 2025ko otsailaren 6an. 100 pertsona baino gehiago etorri dira gaur arratsaldean Bilborockera Emakumeak Zientzian ekimenaren 9. edizioari hasiera emateko, “Hazia erein/ Siembra la semilla” lelopean, agerian uzteko nolako gaitasuna duen ekintza txiki bakoitzak zientzian berdintasuna lortzeko bidean. Horrez gain, eraldatze-hazi txiki horien garrantzia gertutik bizi izan duten zenbait zientzialari, irakasle, ikasle, erakundeetako ordezkari eta abarren testigantzak biltzen dituen bideo bat ere aurkeztu dute, eta gonbita egin dute etorkizun parekideago bat eraikitzeko eguneroko ekintzen ahalmenaz hausnartzeko.
Maitena Salinas aktoreak zuzendu du ekitaldia, eta, ondoren, Emakumeak Zientzianen koordinazio-taldeak antzezpen bat egin du. Zientzia-hazia emez ernetzeko prozesua irudikatu dute antzezlanean. Emakume eta neska zientzialarien nazioarteko egunaren hamargarren urteurrenean, Emakumeak Zientziak ekimenak izan duen hazkundea eszenaratu da, 2017an ereindako hazi baten metaforarekin. Erakunde-talde txiki batekin hasi zena loratzen joan da ekosistema sendo bihurtu arte. Bilakaera horrek estereotipoak apurtzeaz gain, nesken eta emakume gazteen bokazio zientifikoak indartzen ditu, eta zientzia berdintasunez eta aniztasunez haziko den etorkizuna bermatzen. “Landatutako hazi bakoitza zientzia inklusiboagoa eta ekitatiboagoa lortzeko urrats bat da. Elkarrekin, aldaketa azkartzen dugu”, diote Emakumeak Zientzianeko antolatzaileek.
Horrez gain, Hazia Erein / Siembra la Semilla kanpainaren bideoa aurkeztu dute, azpimarratuz nola lagundu dezakeen ekintza txiki bakoitzak berdintasuna lortzeko bidean. Besteak beste, zientzialari, irakasle, ikasle eta erakundeetako ordezkari hauek beren esperientzien berri eman dute, eta zientziaren alorrean genero-berdintasunarekin duten konpromisoa balioetsi: Celia Rogero, Materialen Fisika Zentroko zuzendaria (CFM CSIC-UPV/EHU), Itziar Astigarraga, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko pediatria-zerbitzuko burua eta Biobizkaiako ikertzailea, Garazi
Andonegi, Elhuyar Zientzia Unitateko koordinatzailea, Marta Anza, Botikazar BHIko ikasketa-burua, Naia Martin, Botikazar BHIko batxilergoko 2. mailako ikaslea, Alaitz Landaluze, Innobasqueko berrikuntza-politiken koordinatzaile nagusia, eta Miren Elgarresta, Emakundeko zuzendaria.
“Inaugurazio ekitaldi honek hasiera ematen dio programa askotariko eta aberasgarri bati, zeinaren helburua baita emakumeek zientzian duten papera ikustaraztea eta gizarte aberatsago baterantz aurrera egiten jarraitzea”, nabarmendu dute Emakumeak Zientzianeko antolatzaileek.