Emakumeak Zientzian egitasmoaren bigarren egunean, zientzia askotariko espazio eta publikoetara iritsi da berriro ere. Goizetik arratsaldera, ikasleek, emakume helduek eta publiko orokorrak ikerketa-zentroak, laborategiak eta zientziaren inguruko esperientziak ezagutzeko aukera izan dute.
Goizean, Hernaniko Aratz ikastolako DBHko ikasleek Mondragon Unibertsitateako Galarretako eco-campusaren laborategiak bisitatu dituzte. Zero emisioen erreferente izatea helburu duen espazio honetan, energia mota ezberdinen oinarriak, horien kudeaketa eta teknologia ezagutu dituzte, bertan lan egiten duten emakumeek gidatutako ibilbidean. Bisitak ez du soilik azpiegitura eta teknologia erakutsi: emakume horien ibilbide pertsonal eta profesionalak entzuteko aukera ere izan dute ikasleek.

Arratsaldean, Leioan, 55 urtetik gorako emakumeek Achucarro Basque Center for Neuroscience zentroa ezagutu dute. Garunaren ikerketara hurbiltzeko pentsatutako jarduera honetan, instalazioak eta ikerketa-tresnak ezagutzeaz gain, Nikolas Atxukarro zientzialariaren figura eta gaur egungo neurozientziaren erronkak ezagutu dituzte. Jardunaldia Izaskun Buendía Abaitua ikertzailearen dibulgazio-hitzaldiarekin osatu da.

Horrez gain, egunean zehar beste hainbat jarduera ere egin dira, hala nola eskola-bisitak CIC biomaGUNEn eta Vicomtechen, jolas-formatuko escape room bat Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolan, tailerrak Aranzadin, eta zinemaren eta zientziaren arteko topaketa bat Iruñean, Golem Baiona aretoan.
Bigarren egun honek berriz ere erakutsi du Emakumeak Zientzian proiektuaren indarra: adin, interes eta lurralde ezberdinetako pertsonak zientziara hurbiltzea, erreferenteak ikusgarri egitea eta jakin-mina piztea.


