Otsailaren 6an, Emakumeak Zientzian 2025 ekimenaren irekiera-jaia ospatu genuen BilboRocken. Bertan, ekimena osatzen duten 35 entitateetako ikertzaileak eta dibulgatzaileak eta gure babesleak bildu ginen, hausnarketarako, inspiraziorako eta ospakizunerako gune batean.
Aurten, ICERBERG Visual Thinking-ri esker, bizi izandako guztia marrazkietan islatu da, ekitaldiaren mezu nagusiak laburbilduz. Irudi hauetan argi ikus daitezke ekimenaren funtsezko zutabeak:
#HaziaErein – Aldaketaren hazia ereiten
Edizio honetako leloak gogorarazten digu ekintza bakoitza garrantzitsua dela. Haurren hezkuntzatik ikerkuntzara, berdintasunaren aldeko urrats bakoitza etorkizuneko fruitu bihurtuko da.
Erreferente femenino gehiago
Azpimarratu zen erronka nagusietako bat STEAM arloetako emakumeak ikusgarri egitea dela. Erreferenterik gabe, neska gazteek zailago dute beren burua zientzian irudikatzea, eta ezinbestekoa da lidergoan aniztasuna erakustea.
Jakin-mina, dibulgazioa eta ahots berriak zientzian
Zientziaren komunikazioa eskuragarria, anitza eta gertukoa izan behar da. Dibulgazioan oztopoak gainditzearen garrantzia azpimarratu zen, baita ahots berriei espazioak eskaintzea ere.
Lankidetza, berdintasuna eta sareak
Aldaketa ez da banakakoa, kolektiboa baizik. Ekitaldian zehar, emakume zientzialarien arteko sareak sortzearen garrantzia nabarmendu zen, baita politika inklusiboak sustatzearen eta genero-arrakalak murrizten jarraitzearen beharra ere.
Gainera, oraindik aurrean ditugun erronkak ere mahaigaineratu ziren: kontziliazioa hobetzea, lan-esparruan dauden mikro-matxismoak desagerraraztea eta bikaintasun zientifikoa ikuspegi inklusiboago batetik definitzea.
Eskerrik asko ekitaldi inspiragarri hau posible egin duzuen guztioi! Zientziaren etorkizuna ereiten jarraituko dugu.