Emakumeak Zientzian 2020, zientzia bai baita nesken kontua

* Bederatzi euskal erakunde elkartu dira Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna ospatzeko, eta otsailaren 7tik 14ra jarduera-programa zabala izango da.

* Emakumeak Zientzian 2020 programaren barruan, adin guztietako jendearentzako (familiak, nerabeak, helduak…) hainbat jarduera antolatu dira.

Donostia, 2020ko urtarrilaren 24a. CIC nanoGUNE ikerketa-zentroa, Materialen Fisika Zentroa (CFM CSIC-UPV/EHU), CIC biomaGUNE, Donostia International Physics Center (DIPC), Biodonostia, Tecnun-Escuela de Ingenieros, Ceit, POLYMAT eta Elhuyar erakundeek zientzia-programazio bateratu bat aurkeztu dute, mundu osoan ospatzen den otsailaren 11ko Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna ospatzeko. Donostian, otsailaren 7tik 14ra egingo dira Emakumeak Zientzian 2020 ekimenaren ekintzak: tailerrak, hitzaldi publikoak, ginkana, bisitak… Ekimenaren helburua da zientzian diharduten emakumeen lana ikusaraztea, jarduera zientifiko-teknikoak gizonezkoen kontua direlako ustea apurtzea eta neskek eta nerabeek zientziako ikasketak hauta ditzaten sustatzea. Emakumeak Zientzian 2020 ekimenak Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Donostiako Sustapenaren, Donostia Kulturaren, Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) eta Zientzia Ikerketarako Kontseilu Nagusiaren (CSIC) laguntza du.

Otsailaren 7an, ostiralean, hasiko dira ekintzak Zientzia bada nesken kontua tailerrarekin, arratsaldeko 16:00etan, CIC nanoGUNEn. NanoGUNEko eta POLYMATeko ikertzaileek gidatuta, 14 eta 18 urteko nerabeek “zientzialari izateko aukera izango dute egun batez”; baita ikerketa-talde bateko kide izateko aukera ere, nanozientziaren mundua lehen pertsonan ezagutzeko benetako esperimentu batean parte hartuz.

19:00etan, berriz, Victoria Eugenia Antzokiko Club Aretoan, Zientzialariak, atzo eta gaur ekimenean, hemengo eta gaurko sei emakume ikertzaile izango ditugu agertokian. Beren lana eta beren burua aurkezteaz gain, iraganean aitzindari izan diren emakume zientzialariak omenduko dituzte. Izan ere, iraganean aitzindariak izan baziren ere, askotan, ez zitzaien garaiz aitortu zientziari egindako ekarpena, eta ahaztuta geratu dira denboraren poderioz. Publiko ororentzako hitzaldiak izango dira, eta iragana eta oraina elkarri eskutik helduta, emakume zientzialariak badirela eta lehen ere izan zirela aldarrikatuko dute, etorkizunean inoiz ez dadin berriz zalantzan jarri.

Hilaren 8an, larunbatean, familien txanda izango da. Ibaetako Unibertsitate Campusean familientzako Ginkana bat egingo da; zientzia asko eta zientzia horren protagonista ugari izango dituzte zain. Ibaetako campusean ezkutaturik zain dituzten proba guztiak gainditu beharko dituzte taldeek. CFM, DIPC, Tecnun, Ceit, POLYMAT eta nanoGUNE ikerketa-zentroetan garatzen den zientzian murgiltzeko aukera aparta da.

Programazioan badira hezkuntza-jarduerak ere, zientziaren mundua gazteei hurbiltzeko eta emakume zientzialarien eginkizuna ikusarazteko. Otsailaren 10ean, Tecnun eta Ceit-en egingo den Ingeniari izatera jolasten tailerrean, 12 eta 16 urte bitarteko nerabeek hartuko dute parte. Formula Student taldeko ingeniaritza-ikasleek emango duten automobilgintza-tailer praktiko honetan, benetako ingeniari izango dira parte-hartzaileak, eta ingeniaritzako lan-arlo guztiak simulatuko dituzte: prototipoen diseinua, piezen fabrikazioa, muntaketa eta banaketa.

Ildo beretik, otsailaren 11n, lehen hezkuntzako eta batxilergoko zenbait eskola-taldek bisitak egingo dituzte. Bisitatuko dituzten zentroetako ikertzaileek hainbat jarduera eta erakustaldi zientifiko egingo dituzte, emakumeek historian zehar zientzian izan duten zeregina nabarmentzeko. Eskolekin egiten diren jarduera horiek planifikatuta daude dagoeneko.

Gainera, programazioan, beste behin ere, Amona´s Power jarduera jaso da, kultura zientifikoaren transmititzaile gisa emakume helduek duten irudia goratzeko. Ikertzaileek gidatuta, otsailaren 13an, 55 urtetik gorako emakumeek aukera izango dute gure ikerketa-zentroetako nazioarteko ikerketaren eta bikaintasunaren mundua ezagutzeko. Egunerokoan ezkutuan dagoen zientziak argia ikusiko du, eta norbere baitan bizi den zientzialaria esnaraziko dute eta etxean zein lagun artean egin ahal izango dituzten esperimentuak ikasiko.

Azkenik, zientzia-komunitateari zuzendutako mahai-ingurua antolatu da: Berdintasuna zientzian: esperientziak eta etorkizuna. Topaketa horretan, berdintasuna izango da aztergai zientzia-sistemaren hainbat ikuspuntutatik. Mundu akademikoan zein ikerketa eta enpresaren munduan diharduten emakume profesional eta zientzialari nabarmenak izango dira bertan. Mahai-inguruak bizipenak eta zirrarak modu lasaian partekatzeko gune bat eskaini nahi du, gaur egun zientziaren arloan lan egiten duten emakumeei hitza emanez. Mahai-ingurua ingelesez izango da, Carlos Santamaria Zentroan (UPV/EHU), otsailaren 14an, 12:00etan, eta komunitate zientifiko osoarentzat dago irekita.

Jarduera guztiak doakoak dira. Emakumeak Zientzian 2020 webgunean eman daiteke izena: www.emakumeakzientzian.eus

Menua