Hitzaldiak eta aurkezpenak
Emakume zientzialariak atzo eta gaur
otsailak 10
18:00 - 19:00
Publiko orokorra
Gipuzkoako ikerketa zentroetan lanean ari diren lau emakume zientzialari Victoria Eugeniako Club aretoko oholtzara igoko dira murgilduta dauden ikerketei buruz hitz egiteko eta historiako emakume zientzialari handietako batzuk omentzeko hauen bizitza eta ekarpen zientifiko liluragarrien kontakizunaren bidez.
Hizlariak
Oihane Mitxelena - Gertrude Belle Ellion omenduz
Ikerlari postdoktorala BioGipuzkoan
2013an Tecnun-Universidad de Navarran Ingeniaritza Biomedikoa ikasketak amaitu ondoren, Oihanek Londresa jo zuen bere jakintzak zabaltzeko, University College London-en (UCL) Nanoteknologia eta Medikuntza Erregeneratiboan Masterra eginez. Gero, bere jaioterrira itzuli zen Nafarroako Unibertsitateko Ceit-en Ingeniaritza Aplikatuan doktoretza egiteko. Bertan, mikrofluidikako plataformak garatu zituen osteosarkomaren aurkako terapia berriak baliozkotzeko. Medikuntza erregeneratiboarekiko zuen grinari jarraituz, IIS Biogipuzkoako Bioingeniaritza, Erregenerazio eta Minbizia taldean hasi zen ikertzaile postdoktoral moduan, Amaia Cipitria doktorearen gidaritzapean. AECC 2023 Postdoktoral laguntzari esker, 3D biomaterialak garatzen ari da, minbizi-zelulen eta ingurune metastasiko goiztiarraren arteko interakzioak aztertzeko. Honen bidez, bular-minbiziaren latentzia-fenomenoa ikertzea du helburu.
Nagore Barrena - Fei-fei Li omenduz
UPV/EHUko Informatika Fakultateko irakaslea eta CVPD taldeko ikertzailea
Nagore Barrena UPV/EHUko irakasle laguntzailea eta Computer Vision & Pattern Discovery (CVPD) taldeko ikertzailea da. Informatika Fakultatean, Ingeniaritza Informatikako eta Adimen Artifizialeko graduetan eta master ofizialetan irakasten du.
Ikerketan ikusmen artifiziala du ardatz, BioIrudiaren eta irudi naturalaren analisia jorratuz, Deep Learning eta Machine Learning teknikak erabiliz. Bere ibilbidean UPV/EHU, Tecnalia eta Vicomtech bezalako zentro teknologikoetan lan egin du, eta 2019an defendatu zuen doktore-tesia.
Gainera, zientziaren dibulgazioan aktiboki parte hartzen du, EITBko Hiri Gorrian irratsaioan adimen artifizialeko aditu gisa aritu delarik, eta GAUR-8 (Naiz) ekimenean kolaboratzen, informatikan diharduten emakumeen ikusgarritasuna sustatzeko.
Martina Corso - Margherita Hack omenduz
Zientzialari Titularra Espainiako Ikerketa Zientifikoen Goi Kontseiluan (CSIC)
Martina Corso CSICeko zientzialaria da 2017az geroztik, eta bere ikerketa Donostiako Materialen Fisika Zentroan garatzen du. Fisikan doktorea da Züricheko Unibertsitatetik eta gainazalen fisika esperimentalean aditua.
Bere ikerketak nanometriko tamainako materialen egitura atomiko eta elektronikoa aztertzen du, eta gainazaletan sintesia erabiliz, propietate berritzaileak dituzten material molekularrak garatzen ditu. Europako laborategi garrantzitsuetan lan egin du, eta Alexander von Humboldt, Fulbright eta Ikerbasque bezalako beka ospetsuak lortu ditu.
Harritxu Gete - Margaret Hamilton omenduz
Vicomtechen ikertzailea
Harritxu Getek UPV/EHUko Matematikako Gradua (2016) lortu zuen, datu-analista gisa praktikak egiten zituen bitartean. Ondoren, Donostiako Informatika Fakultatean Hizkuntzaren Analisia eta Prozesamendua Masterra ikasi zuen, eta Vicomtech-en praktikak egin zituen. Bertan, master amaierako lana ere garatu zuen, hizkuntza naturalaren sorrera automatikoan sakoneko ikaskuntza teknikak eta sare neuronalen erabilera aplikatuz, eta ohorezko matrikula lortu zuen. Gaur egun, Vicomtech-en Itzulpen Automatikoaren lerroan ikertzaile moduan lan egiten du, eta aldi berean UPV/EHUko Doktoretza Eskolan Hizkuntzaren Analisia eta Prozesamendua arloan doktoretza burutzen ari da.