Atzoko, gaurko eta etorkizuneko zientzialariak “Emakumeak Zientzian 2020” ekimenaren hasieran

* Hasi dira Emakumeak Zientzian 2020  ekimeneko ekintzak. Haien bidez erakutsi nahi da zientziak badituela eta aurrerantzean ere izango dituela emakumezkoen zantzuak. 

* Gaur egindako Zientzia bada nesken kontua tailerrean, emakume nerabeek “zientzialari izateko aukera izan dute egun batez”, eta benetako ikerketa-talde bateko kide izan dira.

* Iluntzean, hemengo eta gaurko 6 ikertzaile agertokira igo dira beren lana eta pertsona aurkezteko, eta iraganeko aitzindari izan ziren emakumezko zientzialariak omentzeko.

CIC nanoGUNE ikerketa-zentroa, Materialen Fisika Zentroa (CFM CSIC-UPV/EHU), CIC biomaGUNE, Donostia International Physics Center (DIPC), Biodonostia, Tecnun-Escuela de Ingenieros, Ceit, POLYMAT eta Elhuyar erakundeek zientzia-programazio bateratu bat aurkeztu dute, mundu osoan ospatzen den otsailaren 11ko Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna ospatzeko. Donostian, otsailaren 7tik 14ra egingo dira Emakumeak Zientzian 2020 ekimenaren ekintzak: tailerrak, hitzaldi publikoak, ginkana, bisitak… Ekimenaren helburua da zientzian diharduten emakumeen lana ikusaraztea, jarduera zientifiko-teknikoak gizonezkoen kontua direlako ustea apurtzea eta neskek eta nerabeek zientziako ikasketak hauta ditzaten sustatzea. Emakumeak Zientzian 2020 ekimenak Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Donostiako Sustapenaren, Donostia Kulturaren, Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) eta Zientzia Ikerketarako Kontseilu Nagusiaren (CSIC) laguntza du.

Otsailaren 7an, ostiralean, hasi dituzte ekintzak Zientzia bada nesken kontua tailerrarekin, arratsaldeko 16:00etan, CIC nanoGUNEn. NanoGUNEko eta POLYMATeko ikertzaileek gidatuta, 14 eta 18 urteko nerabeek “zientzialari izateko aukera izango dute egun batez”; baita ikerketa-talde bateko kide izateko aukera ere, nanozientziaren mundua lehen pertsonan ezagutzeko benetako esperimentu batean parte hartuz. Esperimentuaz gain, gazteek arratsalde bat partekatu ahal izan dute “hezur-haragizko” ikertzaileekin, eta beren kezkei edo zalantzei buruz hitz egin ahal izan dute batxilergoko ikasketak bukatutakoan jarraitu beharreko bideari buruz erabakitzeko orduan. Oso nota onak atera behar dira zientzialari izateko? Oso gogorra da? Zuk argi zenuen biologia ikasi nahi zenuela, edo ikertzaile izan nahi zenuela? Zertan lan egin dezaket fisika edo kimika ikasi ondoren?. Horiek izan dira ahotan izan dituzten hitz egiteko gai batzuk. Era guztietako erantzunak, pertsona bakoitzaren esperientzia desberdina delako: “garrantzitsua da aukeratzen duzun adar zientifikoa interesgarria izatea, entretenitzea…”, “esfortzua eskatzen du, ez da erraza, baina ez da jenio bat izan behar”, “ikertzaile izatea gero etorri zen, nik zure adinean, ez nuen ideiarik ere ez zer zen ikertzaile lanetan aritzea”, “zientzia ikasketak aukeratuz gero, ikertzailea izan daiteke, baina baita beste gauza asko ere, hala nola zientzia-aholkularia enpresa batean edo, zergatik ez, film batean, kazetaria, datu-analista, programatzailea, diplomazia zientifikoan lan egitea, eta askoz gehiago”. Hurbileko esperientzia horren bidez, zientzian lan egiten duten pertsonen irudia desmitifikatzeko lan egiten da, eremu horri dagozkion estereotipo maskulino tipikoak baztertzeko eta gazteei bidea zabaltzen ari diren erreferente errealak eskaintzeko.

19:00etan, berriz, Victoria Eugenia Antzokiko Club Aretoan, Zientzialariak, atzo eta gaur ekimenean, hemengo eta gaurko sei emakume ikertzaile izan ditugu agertokian. Beren lana eta beren burua aurkezteaz gain, iraganean aitzindari izan diren emakume zientzialariak omendu dituzte. Izan ere, iraganean aitzindariak izan baziren ere, askotan, ez zitzaien garaiz aitortu zientziari egindako ekarpena, eta ahaztuta geratu dira denboraren poderioz. Iragana eta oraina elkarri eskutik helduta, emakume zientzialariak badirela eta lehen ere izan zirela aldarrikatu dute, etorkizunean inoiz ez dadin berriz zalantzan jarri.

Hala ezagutu dugu Clara García Astrain, CICbiomaGUNEko doktoratu ondoko ikertzailea; minbizia aztertzeko propietate aurreratuak dituzten material berrien diseinuan ikertzen dihardu. Rosalind Franklinen (1920-1958) istorioa partekatu nahi izan du Clarak. Haren ikerketa funtsezkoa izan zen DNAren helize bikoitzeko egitura argitzeko, nahiz eta inoiz ez zuten onartu, eta gainera, alde batera utzi zuten Nobel sarietan. Edurne Gonzálezek, POLYMATen Polimerizazio Prozesuen taldeko doktoratu ondoko ikertzaileak, Lise Meitnerren irudia berreskuratu du. Erradioaktibitatea eta fisika nuklearra ikertzen aitzindaria, eta Nobel saridunek ere ahaztu egin zuten. Joanna Lópezek bularreko minbizia ikertzen du Biodonostian, eta Rita Levi-Montalcini ekarri du agertokira. Rita Levi-Montalcini zientziaren irudi liluragarria da, eta Nobel saria jaso zuen Neurobiologiako ezinbesteko lanagatik. Naiara Rodriguez-Florezek, Young Basque Investigator-2017 saria eta Tecnun-en Ikerbasque ikertzaile ingeniariak, Constance Tipper gogorarazi nahi izan du. Izan ere, bera izan zen Cambridgeko Unibertsitateko ingeniaritza-saileko lehen emakumea. Sara Barjak Zientziako Gazte Talentuaren Hipatia 2019 Saria jaso du eta CFMko ikertzailea da, eta saioan Mildred Dresselhaus haragitu du, “karbonoaren erregina” izenez ere ezagutzen den zientzia-dama. Saioari amaiera bikaina eman dio Silvia Bonoli astrofisikariak. Gaur egun, Ikerbasque ikertzailea da DIPCn. Historiako bertsio musikatuan, Vera Florence Cooper Rubinen unibertsoan murgildu gaitu. Galaxien errotazio-zantzuak aztertzen aitzindaria izan zen emakumea.

Otsailaren 14 arte izango dira ekintzak eta jarduera guztiak doakoak  dira. Emakumeak Zientzian 2020 webgunean dago informazioa ikusgai:  www.emakumeakzientzian.eus

Menu