Otsailak 11: Zientzia, belaunaldiak eta itsasoa elkartuz, astea borobilduta

Emakumeak Zientzian 2026ko astea bere unerik esanguratsuenetako batekin amaitu zen otsailaren 11n. Egun osoan zehar, Euskal Herriko hainbat txokotan, adin guztietako pertsonak zientziara hurbildu ziren, jakin-mina piztu, galderak egin eta etorkizunak irudikatzeko.

Goizean goizetik, eskolak protagonista izan ziren. 42 Urdulizen, “Programatu zure etorkizuna: Adimen Artifiziala inspiratzen duten emakumeekin” tailerrak DBH eta Batxilergoko ikasleak bildu zituen. Donostian, CIC nanoGUNE, Donostiako Informatika Fakultatea (UPV/EHU), BCBL, eta Aquarium izan ziren topagune; Leioan, Achucarro Basque Center for Neuroscience-ek ateak zabaldu zituen; Bilbon, BCAMek eta Deustuko Unibertsitateak; Arrasaten, Mondragon Unibertsitatea – Iturripe Campusak. Guztiak beteta, zientzia gertutik bizitzeko gogoz.

Deustuko Unibertsitatean, bereziki hunkigarria izan zen “Inoiz amets egin duzu ingeniaritzako ikaslea izatearekin?” tailerra. 55 urtetik gorako 30 emakumek egun batez unibertsitario izateko aukera izan zuten, Adimen Artifizialaren arloa eta Fablab-a ezagutuz. Irakasle eta ikasleen eskutik, puntako teknologiak deskubritu zituzten, eta belaunaldien arteko elkarrizketa aberasgarria sortu zen. Topaketa honek erakutsi zuen inoiz ez dela berandu amets egiteko.

Aquariumean, Uhin Ultramoreak podcastaren zuzeneko saioan, Alaitz Ochoa de Eribek eta Ana Galarragak adimen artifiziala eta generoa jorratu zituzten, EITB eta Elhuyarren elkarlanari esker. AAren hedapena, genero-arrakala eta alborapenak mahai gainean jarri zituzten, umorez baina zorrotz, eta irtenbideei buruz hausnartuz.

Arratsaldean, Donostiako Kirol Portuan, itsasontzi batean egitekoa zen laborategi zientifikoa portuan bertan gauzatu zen. 12 eta 14 urte bitarteko gazteek laginketa- eta analisi-lanak egin zituzten, eta ondoren Donostiako Aquariumeko laborategiak bisitatu zituzten. Ekimen hau #MujeresPorLaMar kanpainaren barruan kokatzen da, eta emakumeek itsas ikerketan duten lidergoa eta ozeanoen defentsan duten papera azpimarratzen ditu.

 

Eguna amaitzeko, Carlos Santamaría Liburutegian, “Elkarrizketa zientzilari batekin” saioak eta bideo-lehiaketak gazteen sormena eta jakin-mina jarri zituzten erdigunean.

Horrela borobildu genuen Emakumeak Zientzian 2026ko astea: zientzia gerturatuz, belaunaldiak lotuz eta bokazioak piztuz. Otsailaren 11n, Emakume eta Nesken Zientziaren Nazioarteko Egunean, berriro erakutsi genuen marea bizia garela.