Otsailaren 6an, Emakumeak Zientzian egitasmoak ikasle, emakume eta publiko orokorrarentzako jarduera ugari bildu ditu, zientziaren diziplina ezberdinak gertutik ezagutzeko aukera eskainiz.
Goizean, Zalla BHI ikastetxeko 20 ikaslek Biofisika Zentroa bisitatu dute. Bisitan zehar, ikerketa-zentroan eguneroko lanean erabiltzen dituzten tresna eta ekipamenduak ezagutu dituzte, baita birus jakin batzuen aurka eraginkorrak izan daitezkeen antigorputzak nola bilatzen diren ere. Jardunaldia amaitzeko, fruituen DNA erauzteko esperimentu sinple baina oso bisuala egin dute: fruta zapaldu, gatz- eta xaboi-disoluzioekin nahastu, eta DNA askatzea lortu dute, hodiaren barruan flotatzen zuten hari zuri moduan agertuz. Une berezia izan da ikasleentzat, zelulen barruan ezkutuan dagoen zerbait modu zuzenean ikusteko aukera izan baitute.

Arrasaten, CPES LEA-ARTIBAI BHIP ikastetxeko Batxilergoko lehen mailako 31 ikaslek Mondragon Unibertsitatean antolatutako Escape Room dinamizatu batean parte hartu dute. Jolasaren bidez, STEM arloen garrantzia landu dute, hainbat erronka eta pista ebatziz. Dinamikaren bidez, aurreiritziak haustea, STEM diziplinen aplikazio praktikoak ezagutzea, emakumeen rola ikusaraztea eta irteera profesionalak hurbiltzea izan dira ardatz, ikasleen interesa eta motibazioa sustatuz.

Bestalde, Donostian, Zurriola Ikastolako eta El Pilar Ikastetxeko DBH4ko 80 ikaslek EHUko Informatika Fakultatea bisitatu dute. Kriptografiaren bidez, algoritmo informatikoen oinarrizko funtzionamendua ezagutu dute, mezuak enkriptatu eta desenkriptatzeko jolas eta dinamiken bitartez. Ikasitakoa praktikan jarrita, ikasleek mezu zifratuak ebatzi behar izan dituzte ezkutuko altxorra aurkitzeko.

Horiez gain, egunean zehar beste hainbat jarduera ere egin dira: Deustuko Unibertsitatean, 55 urtetik gorako emakumeek ingeniaritza ikasle izateko esperientzia bizi dute egun batez; online formatuan, DIPC eta CFMra eskola-bisita birtualak eskaini dira; Bilbon, BCAMen Matematikharien Scape Room-a egin da; Derion, CIC bioGUNEn, emakumeek ikerketan duten papera ezagutarazteko jarduera antolatu da; Donostian, CEIT eta Tecnaliara ikastetxeen bisitak izan dira; eta arratsaldean, Gasteizen Women in Science’ 26 erakustaldia egin da. Eguna amaitzeko, Donostiako Tabakaleran Zinema eta Zientzia saioa eskaini da, publiko orokorrari zuzenduta.
Diziplina, formatu eta publiko desberdinetatik, otsailaren 6ak zientzia ikasteko, esperimentatzeko eta partekatzeko aukera zabaldu du Emakumeak Zientzian egitasmoaren barruan.


