Asteburu honetan, Emakumeak Zientzianek zientzia kalera, museora eta topagune desberdinetara eraman du, adin eta interes askotariko pertsonei zuzendutako jardueren bidez.
Donostian, Arrokekin elkarrizketan ibilaldian, 25 laguneko talde batek hiria beste ikuspegi batetik ezagutzeko aukera izan du. EHUko Kimika Fakultateko Berdintasun Batzordeko irakasle eta ikertzaileek gidatutako paseo lasai honetan, arrokak eta eraikinetako apaindurazko harriak aztertu dituzte, bakoitzaren sorrera-prozesuak azalduz: arrezife zaharretatik sortutakoak, magma hoztearen ondorioz eratutakoak edota denboran zehar baldintza berrietara egokitu direnak. Zientzia gertukoa, ingurunearekin lotua eta egunerokoan txertatua.

Familientzako tailerrean, berriz, heldu eta gazteek elkarrekin parte hartu dute ESS Bilbaon partikulen azeleragailuek nola funtzionatzen duten eta zein aplikazio dituzten ezagutzeko. Sarrera-bideo labur baten ondoren, jarduera interaktiboak, erakustaldi errazak eta eguneroko adibideak izan dituzte ardatz, makina horiek neutroiak nola sortzen dituzten eta gure bizitzan duten eragina ulertzeko: medikuntzan, energian, ondarearen kontserbazioan edo klima-aldaketaren aurkako borrokan. Txikienek beraientzat egokitutako jarduerez gozatu dute.
Gasteizen, Women in Science 26 azokan, hiria gazteen jakin-min eta talentuaren topagune bihurtu da. CIC energiGUNEk eta EHUko Farmazia Fakultateak antolatutako ekimenak 12 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzendutako espazio ireki eta parte-hartzailea eskaini du, zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika modu hurbil eta dinamikoan bizitzeko aukera emanez. Jardunaldian zehar, tailerrak, esperimentuak eta emakume zientzialarien lana bertatik bertara ezagutzeko aukerak izan dira, erreferenteak hurbilduz eta bokazio berriak piztuz.

Horrez gain, familientzako tailerrak, nerabeentzako jarduerak eta Zinema eta Zientzia saioak izan dira asteburuan zehar. Espazio eta publiko desberdinetatik, zientzia erdigunean jarrita. Horrela bizi da Emakumeak Zientzian.


